Neure jaiotzaz oroitu naiz; neure jaiotza egiazkoaz, bai; zeren, Egunkaria idazten hasi nintzenean jaio bainintzen ni, jaio, orduan senditu bainuen bizi-beharra. Betbetan, eta zergatik jakin gabe, olerki kutsua idoro nuen guztian. Jaiokundea bezala izan zen hura. «Zerbait» berri mintzatzen zitzaidan lehenengo aldiz, hutsune eta tristuraren ondorea barne-barnean utzita.
Leturiaren egunkari ezkutua. Elkar, 1985, or. 93.
1957an aurkitzen gara eta Txillardegik euskarazko nobelagintza ildo berri batean jartzen du Leturiaren egunkari ezkutuarekin. Koldo Mitxelenak orduko euskal letrak diren «soro meharra»-ri egindako ekarpena goraipatzen du obrari egindako hitzaurrean. Ez da gutxiagorako. Leturia dugu gure literaturako lehen pertsonaia gatazkatsua, Leturiaren barne-bakarrizketa ere ikusi (edo irakurri) gabea da artean, eta beste hainbat arrazoirengatik ere, lehen euskal eleberri modernotzat jo ohi da obra hau.
Ajuriagerrak bide gogorrenetik jotzea erabaki zuen, gure izenak ezagutzera emanez, eta gurekin ez kolaboratzeko eskatuz. Egoera larriagotuz joan zen. Bizkaitik ere gisa bereko berriak iristen ziren. Egoera oso txarra zen, tentsio izugarria genuen, eta Madariagak eta nik bereziki hautsi eta beste zerbait, izen bat zuen erakunde bat sortu behar genuela esaten genuen. Benito del Vallek, berriz, indefinizio horretan segitzea hobe genuela erantzuten zigun. Azkenik, 1958ko bukaeran, seguruak ez ziren pertsona guztiekin hautsi eta erakunde berri bat hasieratik eraikitzen hastea erabakia genuen. Horrela sortu zen Euskadi Ta Askatasuna.
Hitza hitz: Txillardegirekin solasean (Joxean Agirre elkarrizketatzaile). Elkar, 1996, or. 88.
Bere bizitzari atzera begira hasten zaio Txillardegi 90eko hamarkadan, eta ibilbide oparo horretan kapitulu berezia osatzen du, nola duda, ETA erakundearen sortze prozesuak, zeinen aktore nagusietako bat izan baitzen harik eta 1967an ateratzea erabaki zuen arte. Eleberri egile gisa ere, zeharka edo zuzenean (Exkixu zein Putzu obrekin, kasurako), borroka armatuaren edo engaiamendu politikoaren gaia behin eta berriro jorratuko du.
Euskal arazoa ez da kultur arazo huts bat, jakina; eta honetara bildu nahi izatea, eskuindarkeria da.
Baina euskal arazoak kultur izaria du bere muinean, eta kultur izari hori gabe, ez da euskal arazoa (gizarte-arazo bat izan badaiteke ere, nahiz ez nazio-arazoa).
Bi mutur horien arteko bide hertsia euskal iraultzaileek ongi aurkitu eta errespetatu arte, Euskal Herriak ez du gerorik izango.
Euskal kulturaren zapalketa 1956-1981. Elkar, 1984, or. 82-83.
Ezker abertzalekoa deritzon jarrera politikoaren ikuspegitik pentsatu izan du beti Txillardegik euskal arazoa. Beti ere koherentzia bila dabilen idazle honen gogoetetan, hizkuntzak, kulturak eta politikak bat egiten dute, bereiziezinak dira.
Afal aurretik Elsa-k irratia piztutzen zuen, eta ezin jasan zituen musika-mota batzu baizik: «ye-ye» delakoa, «jazz» berri batzu, eta horrelakorik. Beste guztiek sendiberegi uzten zuten, pentsakor, kezkatsu. Sekula baino sakonkiago maite zituen Debussy, Ravel, Roussel, Dvorak; baina hain zuzen ere, jasan ezinak zitzaizkion: taupada bitxiak hasten zitzaizkion bihotzean eta neke berri bitxi bat; eta itzaldu egin behar izaten zuen. «Malenkoniaren seme da Artea; ez etsipen guztizkoarena», zion maiz. Erritmo haundiko gauzak nahi zituen horrengatik; eta batzutan dantzan hasten zen, gela txiki hartan bera bakarrik, denbora luzeaz, guztiz nekatu arte. Gero oheratu egiten zen, eta ezer seriotan ez pentsatzen saiatzen zen. Harropen gorabeherak aztertzen zituen ilunpean, sapaira so, xehetasun guztietan. Biharamoneko janari kontuak eta erosketaren gora-beherak ere gogoeta-gai egokia zitzaizkion. Luc bururatzen zitzaion nahi baino maizago, baina ahaztutzen saiatzen zen berehalatik.
Elsa Scheelen. Elkar, 1985, or. 40.
Bere garairako mardula zen eleberri honetan beste behin ere existentzialismo literarioa du autoreak inspirazio iturri nagusi. Garai bertsuan argitaraturiko Saizarbitoriaren lehen eleberrian jazotzen zen bezala, atzerrian kokatzen da ekintza eta heroi eponimoa den Elsak ez du ageriko zerikusirik Euskal Herriarekin. Pertsonaia nagusiaren barne-bizitza da Txillardegiri interesatzen zaiona. Halere, Leturiaren egunkariarekin erkatuz gero, testuinguruak indarra hartu du eta kutsu sozio-historikoak loditasuna ematen dio problematika existentzialari. Narrazioak, berriz, bere tradizionaltasunean, uko egiten dio garai hartan modan zeuden modernismoei.
Eta eguzkia mendien atzetik agertua ez zelarik, Ahüñemendi-ren ondoan gertatu banintz bezalaxe, zelai gogor harkaitsu batetara heldu nintzen. Eta, arnasa gainditzeko ere indargeturik, eseri egin nintzen:
–Zer da hau guztia?
Eta lakuetako urgainaren geldia gogoratu zitzaidan; eta tema bihurtu ere bai. Uhinik gabeko bare giro hartara bultzatzen ninduten neure arimako asalduek eta ekaitzek. Kanpoko bakeaz baretu nahi barnea… Ene itsua!… Mugak behar, mugak nahi.. mugak maite!… Baina mugak Ezereza adierazten… Heriotza nahi, horretaz, azken funtsean… Ezereza nahi. Eza!
Haizeaz bestaldetik. Elkar 1979, or. 63.
Berriro ere, ordu hartan eta belaunaldi berrietako idazleen artean nagusi ziren literatur joerei jaramonik egin gabe, nobela arras atipikoarekin datorkigu Txillardegi zentzumenak nahiz burmuinak kitzikatzera. Nietzsche-ren Zarathoustraren leinukoa bide den narratzaileak giza kondizioa du kezka nagusi eta zenbait izadiko elementu (Itsasoa eta Aintzira, batez ere) bere kezka azaltzeko lanabes metaforiko. Aurretiko eleberriekiko kontraste estetikoa bortitza bada ere, funtsean betiko gai txillardegiarren sakontze bat baino ez da eleberri ezin bereziago hau.
Ur Apalategi.