gipuzkoakultura.net

Logo de la Diputación Foral de Gipuzkoa
Logotipo gipuzkoakultura
2024ko azaroak 21, osteguna
Txillardegi
GIPUZKOAKULTURA.NET > IRAKURKETA GIDAK > TXILLARDEGI
TXILLARDEGI - EGILEA HITZAREN ZENTZU GUZTIETAN

 

Txillardegiren tamainako pertsonaia ulertzeko biderik okerrena da, maizegi egin den moduan, landu dituen atal ugarietako bat bakarra aukeratu eta bertan zer ekarpen egin duen aztertzea, eta hori gutxi balitz, gaur egungo testuinguruari soilik zor zaizkion irizpideak modu lehorrean aplikatzea delako ekarpena epaitzeko. Adibide bakar bat ematearren, gertatu izan da behin baino gehiagotan Txillardegiren nobelagintza gutxietsia izatea, ahantzirik gaurko euskarazko literaturaren garapen mailara iristeko hain zuzen nobelagintza honek izan duen garrantzia, bai hizkera literarioaren finkatze prozesuan, bai narratologiari begira, bai tematikaren eraberritze eta zabaltze prozesuan.

Txillardegi kritikatzea –eta ez gara orain literaturari buruz bakarrik ari– gure intelligentsiaren kirol kuttuna bihurtu zen 80eko hamarkadan. Idazle edo saiakeraegile belaunaldi berri oso baten erasoak jasan zituen orduan, eta hori da behar bada egin zekiokeen omenaldirik handiena, paradoxa badirudi ere. Izan ere, Txillardegiren belaunaldi heterodoxoak Orixe «aita» hil behar izan bazuen euskalgintzari modernotasunaren ateak irekitzeko, Trantsizio garaian idazten hasitako «autonomiaren belaunaldiko» partaideek Txillardegiren figura dominatzailea kontra-eredu gisa hartuz eratu zuten beraien nortasun propioa. Hark betidanik aldarrikatzen zuen kulturaren politizazioa gogorki salatzen zutelarik garai hartako idazle gazte batzuek, berriro ere paradoxa, irizpide ezin politikoagoen arabera sistematikoki deskalifikatu ohi zuten hark egindako oro. Ezin izan idazle ona ezker abertzaleko norbait. Gezurra badirudi ere, doxa bihurtzeraino zabaldu zen uste hori, errepikatzearen errepikatzeaz. Txillardegiren itzala luzea zen seinale, zer duda. J.M. Torrealdairen Euskal idazleak gaur liburuan (1977) euskal idazleetan estimatuena eta miretsiena bezala agertzeak ez gaitu, beraz, harrituko. Azken bi belaunaldi hauen arteko auziaren txingarrak erraustu diren honetan, historia liburuetara behin betiko igaroak, iritsi bide da Txillardegiri begirada zohardi eta begirune maitekorra eskaintzeko unea.

Jose Luis Alvarez Enparantza (1929) Antiguatarraren ibilbide bio-bibliografiko luze bezain abenturaz betean zehar erabilitako ezizenak –Txillardegi famatuenaren ondoan Harrizbikieta, Larresoro, Igara edo Usako ere aurki ditzakegu– pertsonaiaren beraren aniztasunaren eta emankortasunaren metafora bihurtzen dira. Horregatik, ez da komeni idazle aurpegi anizdun hau muga hertsiegietara mugatzea: hastapenetako ETA erakunde politiko-kulturalaren fundatzaile, euskaldun berri, injiniari, pianozale amorratu, militante presondegiratu, Leturia izeneko euskal letretako lehen pertsonaia gatazkatsuaren sortzaile, erbesteratu, euskal aditz batuaren taulen egile eta batueraren eragile nagusienetako, ezker abertzaleko senatore, buddhismoz kutsaturiko eleberri poetiko sailkaezin baten egile (Haizeaz bestaldetik, 1979), soziolonguistikan espezialdutako unibertsitari emerito, euskararen aldeko borrokalari nekaezin… hau guztia da Txillardegi, eta agian garrantzitsuagoa dena, hau guztia batera.

Izan ere, idazle izateko era berri bat da, beste gauza askoren artean, Txillardegik euskal kulturari (eta baliteke gizarteari ere) eskaini dion gauzetarik bat. XX. mendean hainbesteko presentzia eta garrantzia izan dituen «intelektual engaiatu» edo konprometituaren figura, Jean Paul Sartrek nazioarteratua, norbaitek gorpuztu baldin badu Euskal Herrian, hori Txillardegi izan da. Horregatik, Txillardegi ulertzeko sintesia lehenetsi behar da analisiaren aurretik. Ezin uler daiteke Txillardegiren nobelagintza bere borroka extra-literarioetatik bananduz, ez beste ezein atal gainerakoengandik bereiziz. Fronte guztietan aldi berean ibili izan da idazlea, frankismopeko euskal gizarte ahulduaren egoerak berak hala eskatzen zuelako, euskara arrazoi politikoengatik hiltzen ari zen unean zentzugabea zatekeelako marfilezko dorre batean sartzea. Baina baita funtsean humanista bat izan delako beti, hitz honen zentzurik zaharrenean –Berpizkundeko intelektualek bezala, gizakiaren ikuspegi orokor eta integrala du gogoko (hortik pertsonaia publikoa den aldetik idazleari egozten dion erantzukizun politikoa)– zein berrienean –existentzialismoaren zentzuan, hau da, gizon angustiaz betea (ikus bere nobelagintzaren negatibitate eta iluntasun batere ez kontsentsualak), absurduaren kontzientzia izanik ere aurrera egitea erabaki duena, aukerak egiten dituena, zerbait izatera iristeko. Eta bada zerbait Txillardegi euskaldunontzat.


Ur Apalategi.


Licencia Creative Commons. Pulse aquí para leerla
2012 Kultura, Gazteria eta Kirol Departamentua - Gipuzkoako Foru Aldundia
Logotipo Gipuzkoa.net. Pulsar para ir a la página de Gipuzkoa.net