gipuzkoakultura.net

Logo de la Diputación Foral de Gipuzkoa
Logotipo gipuzkoakultura
2016ko irailak 24, larunbata
Txillardegi
GIPUZKOAKULTURA.NET > IRAKURKETA GIDAK > TXILLARDEGI
TXILLARDEGIREN AURKEZPENA


Biografia

Jose Luis Alvarez Enparantza Donostiako Antigua auzoan jaio zen 1929ko irailaren 27an.

Etxean entzun ez eta bere kabuz hasi zen 1948an euskara ikasten. Horrekin batera, Bilbon ingeniaritza ikasten ari zela, gazte mugimendu abertzale zenbaitetan esku hartu eta presondegia ezagutu zuen lehenengoz. Eusko Alderdi Jeltzalearen jarrerari antzua iritziz, beste ikasle batzuekin batera Ekin taldea sortu zuen, zeina gerora ETA bihurtuko baitzen 1958an. Urte bat lehenago, Leturiaren egunkari ezkutua izeneko eleberri existentzialistarekin euskal literatura modernitate literarioaren bidean jarri zuen.

Militantziak berriro atxilotua izatera eramango du eta 1961ean erbesteko bidea hartu zuen. Izan dadila Iparraldean, Parisen edo Brusselan, idazketa eta engaiamendu politikoa uztartuz jarraituko du. Beste zeregin askoren artean, Euskaltzaindiarekin kolaboratuko du Euskara Batuaren eratze prozesuan, prozesu honen eragile nagusienetakoa delarik. 1967an ETA utzi zuen. 1977an, behin Hegoaldera itzulita, politikagintzan murgildu eta ESB alderdiaren sortzaileetako bat izan zen. Urte batzuk beranduago Herri Batasunaren senadore izatera iritsi zen. Bere aukera politikoek oztopatu bide diote behin baino gehiagotan Euskaltzain oso izendatua izatea eta azkenean bere hautagaitza proposatua izan zitzaionean berak uko egin zion izendapenari.

80ko hamarkadan ibilbide unibertsitari bati hasiera eman zion linguistikaren espezialista gisa. Egun, EHUko katedratiko emeritua da.

Gaurdaino haziz joan den bere bibliografia oparo eta anitzean obra literario, saiakera nahiz hizkuntzalaritzako lan akademikoak aurki daitezke. Garrantzitsuenetako batzuk aipatzearren: literaturan, Leturiaren egunkari ezkutua (1957), Haizeaz bestaldetik (1979), Putzu (1999); saiakeran, Huntaz eta hartaz (1965), Hizkuntza eta pentsakera (1972), Euskal Herria helburu (1994); arlo akademikoan, Euskal fonologia (1980), Euskal azentuaz (1984), Elebidun gizartearen azterketa matematikoa (1984).


Ur Apalategi. (2004)

Licencia Creative Commons. Pulse aquí para leerla
2012 Kultura, Gazteria eta Kirol Departamentua - Gipuzkoako Foru Aldundia
Logotipo Gipuzkoa.net. Pulsar para ir a la página de Gipuzkoa.net